LIFE BACCATA proiektuak Kantabria eta Atlantikoko Eremuko mendietan haginaren aniztasun genetikoari buruz nazioarteko eragineko artikulu bat argitaratu du

Iberiar Penintsulako iparraldeko Natura Sarea 2000ko KBE 30 eremutan banatutako 49 udalerritan haginaren 1.000 lagin baino gehiago biltzeko lanen ondorioz eta ondoren PCR teknikak eta sekuentziadore automatiko bidez DNA mikrosateliteren (SSR) bederatzi markagailu aztertu ostean, Kantabria eta Atlantikoko mendietako hagin populazioen aniztasun genetikoa eta ahaidetasun-gradua zehaztu ahal izan dira, proiektuko 3 zenbakidun Aldizkari ofizialean (2020ko abuztua) azaltzen genuen eran.

Eskuratutako informazioa eta sortutako ezagutza horren adierazgarriak izan dira, ezen LIFFE BACCATA proiektuko taldeak erabilitako metodologia jaso, jarraitutako prozedura zehaztu eta lortutako emaitzak eta horietatik eratorritako ondorioak zientzia komunitatearen aurrean aurkezteko artikulu bat eratu baitu. LIFE BACCATA proiektuko datuen garrantzia oso handia izan da. Horrela, horien balioa Kantauriar mendikate mailatik harago joateaz gain, informazioa Centre de Recerca Ecològica i Aplicacions Forestals (CREAF) zentroaren eskutik penintsula mailan haginaren genetikaren ezaugarriak zehazteko aldez aurretik egindako lanekin erkatu da, proiektuko emaitzen testuingurua handitzeko aukera izan delarik. “Genetic diversity and structure of Taxus baccata from the Cantabrian-Atlantic area in northern Spain: A guide for conservation and management actions” izeneko artikulua basogintzan prestigio handikoa den Forest Ecology and Management aldizkariko 482. liburukian argitaratu da.

Egindako laginketa zabalaren emaitzek berresten dutenez, Kantabria eta Atlantikoko mendietan haginaren baliabide genetikoaren aniztasuna handia da, espeziearen bariazio genetikoaren iturri garrantzitsua izanik. Populazio batzuetan aldakortasun genetiko handia eta ahaidetasun baxua ageri zen, LIFE BACCATA eremuan zehar populazioaren tamaina eta konektagarritasuna handiagoa izatearen zantzua. Populazioen artean egindako multzokatze genetikoari buruzko analisiak egituraketaren ebidentziak erakutsi zituen espazio-eskala ezberdinetan, ziurrenera iragan historikoaren fluktuazio klimatikoen ondorioak eta gizakiaren eragin berriagoak uztartzearekin lotuta. Orokorki, ekialdeen zeuden laginketetan ezberdintasun bat ikusi zen, mendebaldeko eremuetan konektibitate historiko handiagoko zantzuekin. Eskualde mailan, ezberdintasun genetikoak identifikatu ziren 7 multzo biogeografikoren artean, espeziearen eboluzioaren historian zeharreko aldaketa eta sakabanaketa prozesuekin lotuak. Eskala murritzago batean, tokiko egituraketaren osagai adierazgarri bat hauteman zen, populazioen arteko konektibitate txikia islatzen duena, espeziearen banaketako hegoaldeko mailen ezaugarri.

Eskuratutako datu genetikoei esker informazio eta irizpideak jaso dira, LIFE BACCATA proiektuaren kontserbaziorako ekintzak in situ (funtsean beren habitat naturalean indartze/landatze/lokalizazioa harago ematea) nahiz ex situ (adibidez, aleen bankuak eta klonalak) orientatzeko oinarri gisa.

baccata_1_1.png
baccata_2_0.png