LIFE BACCATA proiektuak hagin basoak kontserbatzeko ekimena aurkeztu du Bruselan

Europar Batasunak LIFE programei hasiera emateko antolatu zuen topagunean (kick off meeting) hartu zuten parte LIFE BACCATA (LIFE15 NAT/ES/000790) proiektuaren onuradun koordinatzaileek (IBADER) pasa den urriaren 6an. Topagunea Enpresa Txiki eta Ertainen Agentzia Exekutiboaren (EASME) egoitzan egin zen Bruselan (Belgika). Helburua Europako Batzordeko arduradunei onartu ziren 2015eko LIFE proiektuak aurkeztea izan zen. Horrez gainera, aukera paregabea izan zen Europako Batzordeak eta entitate onuradunek ikuspuntuak trukatzeko mahai-inguruetan. Horri esker, harremanak estutu eta sinergiak indartu ziren biharko lankidetzatarako.

LIFE BACCATA proiektuaren helburu nagusia “Taxus baccata-ren mediterranear basoen” lehentasunezko 9580* habitataren kontserbazioa hobetzea da Kantauriar Mendilerroko Natura 2000 Sarean barne hartzen diren 15 eremu babestuetan, mota honetako basoen azalera areagotuz, egitura eta funtzionaltasuna hobetuz eta, ondorioz, geroko aukerak zabalduz. Lortzen diren emaitzak zabaltzeko eta transmititzeko hainbat neurri ere barne hartzen dira proiektuan, baita oro har jendearentzako informazio- eta sentsibilizazio-programa bat ere 9580* habitatak duen garrantziari, bertako biodibertsitatearen baloreei eta proiektuetan lantzen diren ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuei buruz. Proiektuaren onuradun koordinatzailea IBADER izango da, USCko Lugoko campusekoa, eta 3 onuradun kide izango ditu: CESEFOR fundazioa, Gaztela eta Leongo Junta eta HAZI Fundazioa. Lan guzti honetarako 1.925.104 €-ko aurrekontua dago guztira. Aurrekontu horren %75a Europar Batasunak finantzatu du (1.441.649 €), gauzatzeko eta abian hartzeko lehentasunezko direla ulertzen diren LIFE proiektuetarako eman daitekeen gehiengoa.



9580* habitata Taxus baccata basoez osatzen da batik bat, eta Ilex aquifolium-a ere izan ohi du inguruan. Horrelako habitatak bi jatorri izan ditzake: pagadi eta izeidien zahartzearen ondorioz, tamaina handiagoko espezieak desagertu ostean, hagin unadak eta geruza anitzeko pago eta hagin basoekin sortutako mosaikoak sortu direlako; edo, azken baso etapen ondorioz, hots, haginak inguruan edo ondoan egon litezkeen tamaina handiagoko espezieen gainean biziraun izanagatik.



Batzordearen aurrean egin zen aurkezpenean, LIFE BACCATA proiektuak barne hartzen duen lurralde zabala nabarmendu nahi izan zen, Espainiako 9580* habitat motaren eremu handi batean zabaltzen baita. Bestalde, habitat mota honetan zuzenean zaintza- eta leheneratze-jarduerak azpimarratzeaz gainera, Kantauriar Mendilerroaren haginaren (Taxus baccata) karakterizazio genetikoari ere garrantzia eman zitzaion, zein aldakortasun genetikoa duen ezagutu ahal izango delako, eta ondorioz, baita espeziearen kontserbazioan parte hartu ere.


Batzordeak begi onez hartu zuen aurkezpena; positibotzat jo zuen eta azpimarratu proiektuan parte hartzen zuen langileen gaitasun eta esperientzia handia. Europako Batzordeak LIFE BACCATA proiektuan planteatzen den erreplikarako eta transferitzeko gaitasuna ere nabarmendu zuen basoen zaintza orokorrean eta haginena bereziki lantzen duten beste proiektu europar batzuen aldean. Ildo horretan, proiektuarekin hasi baino lehenago ezarri ziren harremanak oso positiboak zirela aipatu zuten, adibidez Portugalgo LIFE TAXUS proiektuarekin 2016ko ekainean egindako tailerrean, Serra da Estrelan, Manteigasen sortutakoak.



Habitatak behar bezala kontserbatzeko mantentze-lanak edo zaintza-neurriak berrezarriz ekosistema naturalak kontserbatzeko eta eraberritzeko proiektuen onuradunek eskuratu dituzten esperientzia eta konpromisoen froga da LIFE BACCATA.