Kantauriar Mendilerroko “Taxus baccata (9580*) mediterranear basoen” karakterizazioaren emaitzak Galizian

LIFE BACCATA proiektua Europako Batzordearen laguntza-finantzarekin egingo da LIFE deialdiaren esparruan, eta 2016 eta 2020 urteen bitartean gauzatuko da Kantauriar Mendilerroko Natura 2000 Sarea barne hartzen den hamabost lekutan, hots, Galizian, Gaztela eta Leonen eta Euskadin. Proiektuaren koordinazio-lanetan dabil IBADER, Santiago de Compostelako Unibertsitatekoa, eta kide gisa dihardute Gaztela eta Leongo Juntak, Hazi Fundazioak eta TRAGSA taldeak.
 
“Taxus Baccata Mediterranear Basoen” 9580* Habitataren karakterizazio-lanak egiteko Galizian, LIFE BACCATA proiektuaren helburuak izan dira oinarri. Ikerketan habitataren karakterizazioa eta diagnosia barne hartzen da, kontserbaziorako zein ekintza zehatz egin behar diren teknikoki planifikatzeko, 9580* habitatak lehenago zer nolako egoera zuen ebaluatzeko, hagin-basoen balorazio etnokultural bat egiteko eta proiektuaren eraginak ebaluatzeko zein metodologia jarraitu ezartzeko.

Horrelako ikerketa bati esker, 9580* habitata interpretatzeko irizpideak egiaztatzen dira eta 9580* habitataren kartografia eguneratu, hala, proiektuan barne hartzen diren Natura 2000 guneetako Datuen Inprimaki Normalizatuetan (DIN) egon litezkeen akatsak zuzentzeko. Kartografia zehatzago bat izaten bada, gainera, kontserbazio-egoera hobe ebaluatu ahal izango da.


Ikerketa honen helburuak hauek izan dira:
 
9580* habitataren interpretazioa argitzen laguntzea.
Informazioa lortzea 9580* habitataren tokiko ebaluazioa egiteko.
Kontserbazio-ekintzak teknikoki planifikatzerakoan ziurgabetasun-maila murriztea.
Metodologia bat ezartzea proiektuak habitatean izango dituen ondorioen segimendua egiteko.
Hasteko, azterketa bibliografiko bat egin zen, lurraldean habitat mota nola banatzen zen zehazteko. Azterketa honi esker, egiaztatu da maila nazionalean egin diren interpretazioetan elementu ugari falta zirela; aldiz, Galiziako Habitaten Eskuliburuan barne hartzen dira EBeko Habitatak Interpretatzeko Eskuliburuan agertzen diren definizioak. Hala, Galiziako lurraldean aipatu habitat mota dagoela adierazten da, bai eskualde mediterranearrean bai atlantikokoan, izan ere, EBeko Habitatak Interpretatzeko Eskuliburuan 9580* habitata definitzen duen azken paragrafoan xedatzen den gomendioaren arabera, eta, Portugalgo hagin-basoei lotutako biogeografia kontuan hartuta, ezartzen da habitat mota horretan bildu behar direla Iberiar Penintsulako beste eskualde atlantiko osoan dauden hagin-basoak, eta beraz, baita Galiziakoak ere.  EBeko Habitatak Interpretatzeko Eskuliburuko jarraibide nagusi batek dio I. Eranskineko habitat-mota asko termino biogeografikoen arabera sailkatu badira ere (horrek esan nahi du lurralde biogeografiko jakin batean agertzen direla batik bat), ez duela esan nahi beste lurralde biogeografiko batzuetan horrelako habitatik ez dagoenik, izan badira eta bakar agertzen direnak. Azken hauek balio zientifiko handia dute gainera, baita kontserbaziorako ere, batik bat oso zatituta dauden eta giza jarduerak eragin handia duten habitat mota hobetako guneetan.

Galiziako Datuen Inprimaki Normalizatuetako informazioari jarraiki, Galiziako Natura 2000 Sarearen Plan Nagusia 37/2014 Dekretuaren bidez onartu izanari esker, kartografia zehatzagoa lortu da eta aipatu Datuen Inprimaki Normalizatuen eguneratzea. Horrela, Galiziako Habitaten Eskuliburuarekin bat datorren informazioa barne hartu dute dokumentuek 2016az gero.

Galiziako 9580* habitataren karakterizazioari dagokionez, azalera txikiak hartzen ditu habitat honek eta handiagoak diren zuhaitz-masetan aurkitzen da. Taxus Baccata basoak altuera-tarte handi batean banatzen dira (630-1.450 m). Hala ere, gehienak goi-supraepelean sailkatzen dira, hau da, 1.200 m-ko altueratik gora. Askotan, inklinazio handiko eta Iparraldera begira dauden mendi-hegaletan egoten dira. Litologiari dagokionez, arroka metamorfiko silizeoetan egon ohi dira bereziki, baina arroka karbonatatu inguruan ere badaude (kareharriak eta dolomiak).  Ia zoru guztiek izaera harritsua dute eta harkaitz asko azaleratzen dira; FAO zoruen sailkapeneko leptosol eta umbrisol tipologietan sar daitezke.

Galiziako hagin-basoetan, 90 landare baskular espezie zenbatu dira, inbentario bakoitzeko 10 eta 41 taxon artean. Oihanpean dagoen lore-aniztasuna alderantziz proportzionala da zuhaitz-droselean dagoen espezie hostoiraunkorren estaldurarekiko (hagina, gorostia, ereinotza), edo egituraren konplexutasun-mailarekiko. Mota biologiko nagusiak dira hemikriptofitoak (%38,2), fanerofitoak (%23,5) eta geofitoak (%27,9). Gutxiengoen taldean daude, zalantzarik gabe, kamefitoak (%5,9) eta terofitoak (%4,4). Galiziako hagin-basoetan ia ez daude espezie inbaditzailerik, espezie aloktono baten bat baino ez dago soilik, Prunus laurocerasus, espeziaren bizigunearen muinotik gertu.

Balio erantsia

Galiziako hagin-basoek berezko balioa izateaz gainera, “Taxus baccata baso mediterranearrak” Europa mendebaldeen dagoen 9580* habitataren ordezkari izaki eta 92/43/CEE Dekretuaren I. Eranskinean (“Habitatei buruzko zuzentaraua”) agertzen direla kontuan hartuta, beste balio erantsi bat ere badute: gordetzen duen biodibertsitatea. Alderdi botanikotik, landaredi baskularrak izan ohi dira, (Narcissus pseudonarcissus nobilis, Ruscus aculeatus) komunitate edo autonomia erkidegoek xedapenen bidez babesten dituztenak. Faunari dagokionez, hagin-basoek badute lotura Kantauriar mendien mendebaldeko aparteko zuhaitz-masak babestearekin, izan ere, zonaldean babestuta dauden edo desagertzeko arriskuan dauden ornodun-espezie ugarientzako bizileku eta gordeleku baitira.

Kasu honetan, kontserbazio-egoera ona deskribatzen duen 92/43/CEE Dekretuaren 1 artikuluaren arabera, adierazle batzuk ezarri daitezke Galiziako hagin-basoetarako. Haginek zuhaitz-droselean izan dezaketen dominantzia edo kodominantziak adierazten du zuhaitzek zer nolako egitura eta konposizioa izango duten, eta ondorioz baita zein 9580* habitat motakoa den ere. Bestalde, zapaltzea eta kimatzea ondo jasaten ez dituzten espezieak oihanpe hauetan egoteak eta Taxus baccata bertan birsortu izanak, esan nahi du habitat mota honen kontserbazio-egoera ona dela. Ildo horretan, hegazti eta mikrougaztun fruitujaleak horrelako habitatean daudenez, hagina errazago zabaldu eta haziak errazago ernetzen dira, eta ondorioz, Taxus baccata hagin-basoak modu naturalean birsortzen laguntzen da.

Galizian dauden hagin-baso gehienak, bizilekuetatik urrun eta iristerrazak ez diren lekuetan izan arren, aspalditik eta duela gutxi arte ustiatu izan dira. Horren froga dira baso horietan aurki daitezkeen motzondo eta zuhaitz motz eta moztu ugari. Tokiko udalerriek hagin-multzoak dauden guneak erabili dituzte eta bertako espezie bereziak (batik bat hagina, Taxus baccata) ustiatu. Horrek erakusten digu zuhaitz hauek aspaldikoak direla, eta gizakia lurraldearen oztopoetara egokitzeko egin behar izan duen guztiaren lekuko izan direla. Hala ere, Taxus baccata baso mediterranearren 9580* habitata kontserbatzen den guneetan egin ohi izan den erabilerak ez dirudi eragin berezirik izan duenik hagin-basoetan. Baliteke hagin-multzoak urrutiko lekuetan daudelako izatea, herriguneetatik urrun samar, iristeko zailak diren lekuetan.

Galiziaren ekialdean asko errespetatzen den zuhaitz-espeziea da hagina (Taxus baccata), batik bat, izugarri bizirauten duelako eta gizakiarentzako espezie toxikoa delako. Horregatik guztiagatik, horietako asko apaingarri moduan erabili dira landa-komunitateetako egunerako bizitzako lekuetan: eremu erlijiosoetan (elizak, hilerriak), lorategi garrantzitsuetan (etxeetan eta jauretxeak) eta baita erabilera publikoko lekuetan ere (plazak, iturriak, etab.). Hala egiten da baita ere Iberiar Penintsulako eta Europako beste hainbat zonaldetan ere. Erabilera tradizional berezienetako bat Lugoko probintziako Ipar-mendebaldean egiten da: hagina haize-babes moduan erabiltzen zen, etxeak eta belar-metak egiten ziren aira delakoak (erak) babesteko.

Gaur egun, berriz, beste presio eta mehatxu batzuk aipatu ditzakegu, adibidez, bisitari gehiegi egotea (turismoa, funtsean), izan ere, bandalismo-seinaleak aurkitu dira dimentsio handietako Taxus baccata aleen adarretan. Hagin zaharrek bisitari ugari erakartzen dituzte; batzuetan, bertaratzen direnak adarretan igotzen dira bisitaldiaren argazkiak ateratzeko, baina adar handiak hautsi eta errotik hondatzen dira. Beste batzuetan, ordea, haratago joan eta adarrak zizelkatu dituzte, edo inskripzioak egin, horrek dakarren azal-kentzearekin eta zauriekin bai xileman, bai floeman.

Dena dela, bisitari gehiegi daudenean hagin-basoak asko zapaldu eta bideak sortzen dira, ondorioz, oihanpean berezko diren espezien estaldura mugatuz. Gainera, bisitari-talde handiak daudenean, zarata-maila altua dagoenez, basoko fauna aldendu egiten da.

Ikuspegi zientifikoan ere haginak oso erakargarriak dira: ikerketa ugari egin dira haginen ezaugarri botaniko, dasometriko eta ekologikoen inguruan. Hala ere, positiboa izan beharko lukeen horrek, batzuetan eragin negatiboak ekarri ditu: biodegradagarria ez den material zientifikoa (ontziak, poltsak, etab.) hagin-basoetan utzi da.

Beste kasu batzuetan, bide-azpiegiturak eta azpiegitura elektrikoak ondoan eraikitzen dira, eta horrek zuhaitz-geruza osatzen duten hagin-oinentzako kalteak ekar ditzake; kutsadura ere eragin dezakete aipatu azpiegiturek, kontrolatzen ez diren isuriak igorri ditzakete eta.

Egungo mehatxuak

Hala ere, gaur egun baso hauetarako mehatxu handiena udaldean egon ohi diren sute larriak dira. Galizia ekialdeko mendialdeetan, azalera handia suntsitzen da eta, batzuetan, 92/43/CEE Dekretuaren I. Eranskinean barne hartzen diren Batasunaren intereserako habitat mota batzuk oso kaltetuta suertatzen dira. Berez, baso hauetarako mehatxu arriskutsuenetako gisa hartzen dira suteak LIFE BACCATA proiektuan. Suterik basoetara ez iristeko eta basoek kontserbazio-egoeran kalte garrantzitsurik jasan ez dezaten, C5 ekintza egitea proposatu da.



Presio eta mehatxuak diagnostikatzeko ikerketa honi guztiari esker, jarduteko hainbat proposamen egin ditzakegu:
 
9580* habitatak hartzen duen azalera murriztu arazten duen baso-praktikarik ez egitea, baldin eta habitat mota honen kontserbazio-egoera kaltetzen bada Galiziako Natura 2000 Sarearen Plan Nagusiaren arabera (37/2014 Dekretua).
9580* habitata kontserbatzeko eta berreskuratzeko neurriak ezartzea, batik bat habitatak hartzen duen azalera areagotzeko badira, habitat mota honen kontserbazio-egoera ona lortze aldera.
Hagin-basoetara bisitari-kopurua arautzea, batik bat, habitat mota honen kontserbazio-egoeran kalteak eragin badira dagoeneko. Horretarako, zenbat bisitari egon daitezkeen mugatuko da, noiz bisitatu daitekeen ezarri eta zein ibilbidetatik joango den adierazi, zuhaitz hauetarako kalkulatu den karga-kopurua kontuan hartuz, Galiziako Natura 2000 Sarearen Plan Nagusiari jarraiki (37/2014 Dekretua).
Natura kontserbatzeko erakunde eskudunaren baimenarekin egitea jarduera zientifikoak hagin-basoetan, eta horretarako epeak, ibilbideak, bisitaldiak, etab. ezartzea, eta, noski, material zientifikoa aipatu basoetan uztea debekatu eta jasotzea derrigortzea, Galiziako Natura 2000 Sarearen Plan Nagusiari jarraiki (37/2014 Dekretua).
Belarjaleak kontrolatzeko guneak ezartzea hagin-basoen (9580*) barruan, baldin eta 9580* habitataren lore-egitura eta lore-konposizioan kalteak eragiten badituzte. Helburua oihanpean berezko diren espezieen estaldura berreskuratzen lagundu eta, ondorioz, 9580* habitat motaren egitura eta konposizioa hobetzea da.
Hagin-basoen zuhaitz-droseletan baso-jarduerarik ez egitea, baldin eta 9580* habitat motakoak ez diren zuhaitz-espezieak ugari eta azkarrago haztea sustatzen badute, hots, kontserbazio-egoera ona mantentzeko ez diren ekintzak badira, Galiziako Natura 2000 Sarearen Plan Nagusiari jarraiki (37/2014 Dekretua).
Jarduerak abian jartzea 9580* habitat motaren kontserbazio-mailan eragin garrantzitsua izan dezaketen baso-suteak izateko arriskua txikitzeko, etorkizuneko ikuspegia hobetu eta, ondorioz, kontserbazio-egoera ona izate aldera.