LIFE BACCATA proiektuak bere informazio genetikoa EUFORGEN programan eta EUFGIS plataforman sartu du

LIFE BACCATA proiektuak, bere xede nagusia Kantauriar Mendilerroan 9580* habitataren kontserbazio-egoera hobetzea izaki, haren hastapenean aurreikusitako beste helburuetako bat bete du. 9580* habitataren espezie nagusia den haginaren (Taxus baccata) populazioen laginketa genetiko mamitsuaren ondotik, proiektuak horien inguruko informazio baliotsua sortu du, EUFORGEN proiektuan eta EUFGIS plataforman partekatu dena. EUFORGEN, basoaren kudeaketa iraunkorreko ezinbesteko atal gisa, Europan baso baliabide genetikoen kontserbazio eta erabilera iraunkorra bultzatzen duen nazioarteko kooperazioko programa da. Bestalde, EUFGIS Europan baso baliabide genetikoen kontserbazioaren inguruko informazio geoerreferentziatuaren sistema da, herrialde ezberdinetan baso espezieen kontserbazio genetikoko unitateei buruzko xehetasunezko informazioa gordetzen duen plataforma baterako sarbidea ematen duena. LIFE BACCATA proiektuak sortutako informazioa Espainian bi tresnak kudeatzen dituzten erakunde ezberdinen lankidetzarekin transferitu eta sartu da: INIA-CSIC, Aragoiko CITA eta Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioa (MITECO).



LIFE BACCATA proiektuaren laginketa genetikoaren ondotik guztira 49 hagin guneren informazioa paratu da Kantauriar Mendilerroan, Galizia, Asturias, Gaztela eta Leon, Kantabria, Euskadi eta Portugal Iparraldean banatuta. Modu horretan, proiektuak errotik gainditu du 15 unitateren ezaugarriak ipintzeko hasierako helburua (9580* habitata berrezartzeko ekintzak egiten diren KBE eremu bakoitzetik bat), Natura Sarea 2000 barneko zein kanpoko guneak gaineratuz, eta ezaugarritzeko eskualdeen espektroa areagotuz (Asturias, Kantabria edo Portugal iparraldean ez zeuden hasiera batean aurreikusita). EUFORGEN proiektuarekin eta EUFGIS plataformarekin partekatu da 49 guneri buruzko informazioa, hein handi batean bi horietan Iberiar Penintsulan Taxus baccata espezieari dagokionez zegoen informazioa eguneratu eta hobetuz. Modu horretan, EUFORGEN proiektuko core network izenekoan Baso Kontserbazio Genetikoko Unitate berri bat (UCGF) sortu da EUFGIS plataforman plataformaren beraren eta EUFORGEN programaren irizpideekin bat etorriz, eta aurretiaz daudenen bat birbanatu egingo da LIFE BACCATA proiektuko informazioari esker. Gainera, Iberiar Penintsularen iparraldeko gainerako unitateetarako eskuragarri dagoen informazioa hobetu egingo da.

Haatik, proiektuak sortutako informazioa partekatzeko plataforma eta erakundeekiko hasieran aurreikusiak zituen helburuak gainditu ditu. Informazio genetikoa EUFORGEN proiektura eta EUFGIS plataformara transferitzetik eratorrita, eta prozesu horretan INIA-CSIC, CITA eta MITECO entitateek bete duten zeregin garrantzitsuari esker, 49 gune horiei buruzko informazioa, era berean, haginaren Kontserbazio Genetikoko Unitateen Sare Nazionalean sartu da, zeinaren arauzko eremua gaur egun garatzen ari baita Errege Dekretu modura. Horrek aukera emango du, xedapen hori onartuta, horietako informazioa dagozkion Autonomia Erkidegoetara helarazteko onartu eta arauzko esparrura gaineratze aldera.

LIFE BACCATA proiektuaren partenariatua zinez pozik dago proiektuaren transferigarritasun eta errepikagarritasunarekin, nahiz haginaren informazio genetikoa proiektuaren, eskumeneko erakundeen eta erabilgarri dauden proiektu/plataformen artean trukatzearen ondorioz lortutako eraginarekin.