Hagina. Lexikoa eta toponimia LIFE BACCATA ikerketa-eremuan

Jakin badakigu hagina “taxus” generokoa da. Latinetik dator honen etimologia, baina ez da ziur latineko zein terminotatik datorren. Batzuk diote “taxus” latin hitza grekoko “taxis” hitzetik datorrela; “ilara” edo “ordena” esan nahi du, hostoak adartxoetan bi ilaretan daudelako agian (hostoen ordena ikertzen duen zientziari, adibidez, filotaxia esaten zaio). Beste batzuk, berriz, uste dute “taxon” hitzetik datorrela (“arkua” esan nahi du) eta antzina arkuak egiteko erabiltzen zen hagin-egurrari erreferentzia egiten diola. Eta hirugarren hipotesiaren arabera, berriz, “toxon” hitz grekotik omen dator “taxus” hitza, gizonek aspalditik ezagutzen duten eta beldur izan dioten toxikotasun-mailari erreferentzia zuzena litzatekeena.

Hiru bertsioak dira interesgarriak eta onargarriak. Dena den, dokumentu honetan hagin-izenak berrikusiko dira eta LIFE BACCATA proiektuaren bidez hagin-basoak (9580* habitata) leheneratzeko eta hobetzeko kontserbazio-ekintza espezifikoak egiten diren lurraldeetako toponimian haginak zer nolako eragina duen aztertuko dugu.

Hagin-izenak Gaztela eta Leonen

Gaztela eta Leonen, “tejo” esaten diote haginari, baita “teixo”, “teixeiro” eta “teixeria” ere, ipar-mendebaldeenean dagoen zonaldean, Galizia eta Asturiasekin mugan. Bable hizkuntzan ere erro gisa erabiltzen da: “Texu” eta “tixu”, eta León iparraldeko zonalde honetan “tesio” eta “teijo” izenak ere identifikatu dira.

teixadal-de-burbia-i_0.jpgSanabrian, “teyo” esaten diote haginari hainbat udalerritan, baita “ramo” ere, baina Burgoseko probintzian bi jatorri zeharo desberdin aurkitu dira; batak gazteleraren erroa du: “tejo negro”, Besanteko Mendizerran. Aipatu izenak lotura izan dezake probintzia honetako mendi batzuetan ezkiari esateko moduarekin: “tejo blanco” (Cortes et al, 2000). Besteak, berriz, euskararen eragina du. Trebiñun, “Agin” izena eta eratorriak (“Hagin”, “Agina”, “Aginal”, etab.) jaso dira eta eskualde honetako hainbat bazterretako toponimian ere ageri da. Azkenik, hagina esateko beste modu batek “Iba” (edo Iva) erroa izan dezake, “Ebur, “Ibor”, “Ivor”, “Ibur” eta bestelakoetatik ere lotuta; egile gehienen arabera, litekeena da jatorri zelta izatea, (ikus. p.e.  Delahunty, 2002 edo Hagueneder, 2007), edo baita mediterranearra ere (García-Pérez, 2009). Horiek horrela, Erromatarren garaia baino lehenago arku atlantikoan bizi ziren hagin-tribuei “Eburoi” edo “Eburo” deitzen zitzaien, eta horrek izan badu konkordantzia lexikorik. Oso bitxia da adiera hauek parekoak dituztela ikustea Gaztela eta Leongo mendietako zonalde enblematikoetan: Burbia kasu (1. irudia), Los Ancaresen; Burón, Esla ibaiertzean eta Mampodretik gertu; Vega de Bur, Palentziako mendialdeko Dehesa de Montejotik gertu; edo Burgoseko La Bureba.

Hagin-izenak Euskadin

Euskaraz Agin, Hagin, Hagina, Hagintze eta Agiña esaten zaio. Ez dago ziur etimologikoki nondik datorren hitz hau; egile desberdinek hainbat hipotesi luzatu dituzte esanahi desberdinekin, eta ez dituzte denek arestian aipatutakoekin lotura. Adibidez, Guineak (1948) adierazi zuen haginak hortz esanahia duela, ariloan dagoen zuhaitzaren fruituak antzeko itxura duelako. Beste egile batzuk Agin edo Agintari hitzekin lotzen dute, hau da, liderrarekin, buru izatearekin, zuhaitzak ustez duen nagusitasunagatik. Bitxia bada ere, bat dator urrutiko beste zibilizazio batzuk pentsatzen zutenarekin: adibidez, Amerika Iparraldeko Pazifikoko kultura indigena tradizionalaren arabera, hagina “mulu guztien buru da”. Japoniako zonalde batzuetan ere, kultura tradizionalak esanahi antzekoa ematen dio.

Badirudi adin erroarekin ere lotu daitekeela, “urteak, ezagumena, zuhurtasuna” adierekin. Lotura izan dezake, beraz, zin egiteko zuhaitza delako, biltzeko zuhaitza, itundutakoaren lekuko den entitatea, funtzio juridikoekin, baita erlijiosoekin ere. Beste adiera batzuen arabera, Agindu, Agintea eta Agintaritza hitzen esanahiarekin ere izango luke zerikusia, horrek dakarrenarekin: “agindu, ordenatu, zin egin”. Pixka bat aldenduko litzateke, beraz, “lerro edo ordena” adierekin (hosto-lerro bikoitzaren esanahia), nahiz eta beste egile batzuk halako loturan sinesten duten, baina latineko “taxus” jatorria oinarri hartuz.

Argin ere zuhaitzaren izen arkaiko izan daiteke, baina Hargin (harri-pikatzailea) izenarekin nahastu ahal izan da. Elorriko Argiñeta nekropolia bezalako toponimoek lotura argia erakusten du aspaldian heriotzaren zuhaitza zioten jatorriarekiko.

Hagin-izenak Galizian

La Galizia osoan haginari “teixo” esaten diote galizieraz. Hala ere, “teixeira” edo “teixeiro” delakoak ere erabiltzen dira. Toponimo ugari datoz haginaren latinezko izenetik (taxus), adibidez: Teixeda, Teixedais, Teixedelos, Teixidelos, Teixedo, Teixeira, Teixeiro, Teixide, Teixido, Teixidón, Teixidos, Teixín, Teixiz, Teixo.

Hainbeste toponimo izateak, pentsarazi liezaguke antzina hagin ugari ere bazirela zonaldean, edo izugarri zabaldu zela espeziea Galizian zehar, eta biztanleekin harreman estua zuela, nekazaritza- eta baso-munduan leku bat izaki, hainbat eratako herrietako landetxeen ondoan, baita jauretxe garrantzitsuetako lorategietan edo Galizia osoko eliz atarietan eta hilerrietan ere.  Gainera, aipatutako toponimo askok egiaztatzen dute espezie hau oro har zuhaitz-paisaia osoan murgilduta zegoela, hagin-multzoei egiten dietelako erreferentzia (Teixeda, Teixedal, Teixedelos, Teixidelos, Teixedo, Teixido) eta ez bakarrik bizi ziren zuhaitzei (Teixo, Teixín, Teixiz, Teixeiro, Teixeira).

Batzuetan, termino horiek “azkonarra” animaliarekin (“tejón” gazteleraz, Meles meles) lotura ez ote duten ere pentsatu da, galegoz “teixugo” edo “porco teixo” esaten baitzaio. Izan ere, “teixón, “teixueira”, “teixugueira”, “teixoeira” toponimoekin ere lotzen da azkonarra. Hagin hitzetik datozen toponimo batzuk teilak egiten ziren gune edo instalazioak izendatzeko (“telleira”, “telleiro”) hitzen aldaketa batetik datozela ere esaten da.

Hemen aipatu ditugun  izen guztiak latinezko “taxus” izenetik badatoz ere, Galizian toponimo indoeuropearren bat egotea ere aukera bat da, “eburus” edo “ivus” edo “iva” izenetatik eratorria, hortik datoz eta frantsesez (if) edo alemanez (eibe) hagina izendatzeko erabiltzen direnak. Ildo horretan, Galiziako hainbat udalerri aipatu ditzakegu, adierazgarriena A Pobra de Burón, Lugoko A Fonsagrada udalerrian. Eskualde honetan bereziki hagin asko daude etxeetan, jauretxeetan, elizetan eta hilerrietan (Galiziako Espezie Berezien Katalogoan barne hartzen dira batzuk), eta baita nabarmen baso naturaletan ere, hagin-baso txikiak osatuz. Hala ere, Ibedo edo Eibedo bezalako beste toponimo batzuk ere identifika daitezke. Badirudi erro etimologiko indoeuropearra izan dezaketela, “oliveto” terminotik datozela adierazten duten hipotesiak izan badauden arren.

Hagin-toponimia Gaztela eta Leonen
ramos-de-san-jose_0.jpgLekuak izendatzen dituzten toponimo ugari eta haginak egotearekin lotura duten partida ugari bildu direnez Gaztela eta Leonen, badirudi hagina aspalditik dagoela bertako paisaia eta kulturan.
















 







Aurkitu diren toponimoetako batzuk hauek dira:
 
Probintzia Toponimoa
Ávila Correra del tejo, Garganta Tejea, Garganta de Valdetajo, Puente de Valdetejo, Tejo de las Mulas, Arroyo de los Tejos, Los Tejos.
Burgos Los Tejos, Vereda de los Tejos, Barranco de los tejus, Montija, Aginal de Arralde, Cueva del Agin.
León Ramos de San José, Teixeu de Sil, Teixeu de Ancares, Teixeira, Cantexeira, Poula de Penoteixo, Valina do Teixo, Cascada del teixedal, el Pozo del Teixo, Arroyo Tegeo, El Ticheo, Arroyo del Teixadal, Ferrería de San Juan del Tejo, Arroyo de tejedo, Tedejo, Monte Texedo, San Juan del Tejo, Loma de las Tejedas, Hoyo de los Tejares, Majada de Tejedo, Mosqueiro, Monteviejo (baliteke). Yebra (Huescako Pirinioetan ere jaso da, haginaren ingelesezko adieratik gertu dago: “Yew”)
Palentzia Peña del Tejo, Dehesa de Montejo, Peña Tejedo, El Tejo bajero, Montejerinos.
Salamanca Manantial del tejo.
Segovia Los Tejos, Monte de los Tejos, Embalse de El Tejo, Arroyo de la Tejeda, Mata del Tejo.
Soria El tejo (Mendia), Barranco de los Tejos (Sárnago).
Zamora Los Tejos, Vega del Teyo, Teixedelo.
Haginaren toponimia Euskadin

Euskadiren kasuan, toponimo hauek ditugu Arabako lurralde historikoan: Agiñaga (Aiara), Agiñiga, Aginaga (Aiaraldea). Gainera, Arberasek (2014) biltzen ditu baita ere “Xumbre de los tejos” eta Aginaga (Aiaraldea) eta Los tejos, Agindasolo, Aginandi, Aginandikozearra, Aginadipeko, Agintxikerra, Agiñaga, Agiñiga, Aginamendi eta Sima del tejo.

Gipuzkoan, hauek erregistratu dira: Aginaga (Eibar, Usurbil, Ibarrangelu, Lizarregiri), Agineta (Zumarraga), Aginako estazio megalitikoa (Oiartzun) edo Aginarango trikuharria (Alzania). Baita Aginarte, Agintza (Gueñes, Enkanterri) eta Aginastegi (Pagoeta eta Izarraitz) ere.

Bizkaian, berriz, Agina (Ibarra), Aginalde eta Agineta (Zeanuri), Arginetako nekropolia (Elorrio). Néstor Goikoetxeak Toponimia Euskara (1984) lanean adierazten duenaren arabera, lagun-talde batek Aginalde izena eman zion Arimekortako zelaietan eraikitako mendi-aterpe bati, eraikinaren goialdean dagoen haginaren omenez, aspaldiko kokalekuen lekuko.

Bitxia da baita ere haginarekin lotzen diren toponimoak erro antzekoa duten Kantabriako beste gune batzuetan ere topatzea, adibidez, Los Aguines, Salcedan (Kantabria). Garcíaren (2009) testuan, besteak beste, izen hauek jasotzen dira: A Aguiña (Padrón-Galizia) edo Asturiasko Aguino (Pola de Somieu) eta Fontaguín (Braña de Perlunes). Azken leku horrek Abellak (2009) biltzen duen Asturiasko sinbolo bat adierazten du. Legendaren arabera, artzain batek kaliza lapurtu zion xana bati (maitagarri bat, Asturiasko mitologian). xana haserre bizian atzetik zihoakion bitartean, artzainak ikaraz korrika zera egin omen zuen oihu: Santiago de Agino, Valmé, que pa ti lo quiero!
 
agin-de-antonana.jpg
Haginaren toponimia Galizian

Galiziako izendegi geografikoaren arabera, eskualde honek bereziki du haginarekin lotutako toponimia ugari, izan ere, 100 toponimia-konbinazio baino gehiago aurkitu dira taxus terminoarekin lotuta.  Esan daiteke, beraz, haginaren aztarnak aspalditik dirautela Galiziako toponimian, 200 erregistro baino gehiagotan ageri baita etimologia hori Galiziako lurralde osoan, bai bideetan (Camiño da Teixeira), sare hidrografikoan (Rego do Teixo, Carrozo das Teixeiras, Regueiro Teixeira, etab.) edo orografia kontinentalarekin lotutako terminoetan (Pena Teixeiro, Coto dos Teixos, Valiña do Teixo, etab.), basoetan (Os Teixiños, O Teixedal, etab.) eta nekazaritza-paisaietan (Agro das Teixeiras).

teixeira2.jpg

Galizian haginarekin lotuta dauden toponimo-kopuru handia, herri eta eraikinen izenetan ere grabatu da. Horiek horrela, herri-entitateen datu-baseetan 59 entitate berezi identifikatu ahal izan dira guztira, Galiziako 4 probintzietan banatuta, taxus beren etimologiarekin (O Teixeiro, Teixedo, Teixido, Teixidelo, A Teixeira, etab.). Horien guztien artean kasurik adierazgarrienak udal-barruti oso baten izendapena da (A Teixeira udalerria, Ourense probintziaren Terra de Caldelas eskualdean), edo udal-kapitalarena (Teixeiro, Curtisen udalerriaren hiriburua, A Coruñako probintzia); haginak sinbologia indartsua duen aspaldiko erromes-zentroak ere badaude (Santo André de Teixido, Cedeira udalerriko herrixka, A Coruñako probintzia).

Galizian haginekin lotura duten lekuetarako bildu diren toponimoen analisiari esker, espezieak zer nolako garrantzia duen ebaluatu ahal izan da izendegian. Toponimo batzuk (probintzien arabera) hauek dira:
 
Probintzia Toponimoa
A Coruña O Teixeiro, Teixedo, Teixido, Teixidelo, O Penedo de Teixeiro, Teixín, Teixedelos, Teixidón, O Teixeiro de Arriba, A Ponte de Teixeiro
Lugo A Ponte do Teixo, O Teixo, O Teixeiro, Teixeda, Teixeira, Os Teixidos, A Teixeira, Os Teixós, Teixeira de Abaixo, Teixeira de Arriba, A Ponteixeda, Castro de Teixeiro
Ourense A Teixeira, Teixido, O Teixedo,
Pontevedra A Teixeira, As Teixiñas
Haginarekin lotura duen toponimia oso nabarmena da 9580* habitata kontserbatzeko LIFE BACCATA proiektuko ekintzak egingo diren udalerrian, Riocereixako Amankomuneko Herri Basoan (Pedrafita do Cebreiro, Lugo) hain zuzen ere. Kasu honetan, 9580* habitata leheneratuko da Amankomuneko Herri Basotik ugaltzeko material genetikoa erabiliz, hots, bertan “Entre os Teixos” toponimo honek zalantzarik gabe  adierazten du ez-ohiko hagin konzentrazio bat dagoela mendiaren zati batean.

mapatopo.jpg